Ziortza-Bolibar udalerriaren izena, bertoko auzo historikoenetako bi elkartzean sortu zen. Ziortza (Cenarruza) izena, 1082. urtean agertu zen lehen aldiz historian, hain zuzen ere, Donemiliaga Kukulako (San Millán de la Cogolla) monasterioko eskuizkribu zahar, hots, kartulario gotiko, batean.
Hala eta guztiz ere, tradizioz esan ohi da 968. urtekoa dela. Ziortza izena, bertoko elizarekin lotua agertu zaigu gizaldiz gizaldi. Eliza, denboraren poderioz, kolegio-eliza bilakatu zen, eta gaur egun, monasterio zistertarra da, bai eta Bizkaiko Itsasoko Done Jakueren bideko toki historiko garrantzitsuenetakoa bat ere.
Bolibar (Bolívar) existitzen delako lehenengo dokumentuzko berria 1051koa da, eta berton abade bat zela adierazten digu.
Euskal toponimoa da Bolibar, “bolu” (molino) eta “ibar” (vega) hitzez osatua, hots, “errotaren ibarra”. Toponimo honek, garai bateko herri bati (La Puebla de Bolivar) eman zion izena, eta ondoren, abizen bati. Abizenaren ondorengo bati, Simon Bolivarri, esker, jatorrizko toponimoa, euskal abizenik ezagunenetako eta hedatuenetakoa bilakatuko zen, batez ere, Ameriketan.
Bizkaiko txoko koskor hau dute jatorri, hain zuzen ere, hainbat herrialderen -esaterako, Bolivia-, probintziaren, departamenturen, herriren, kaleren, mendiren, unibertsitateren, aireporturen, museoren, monetaren, futbol-talderen, likoreren eta abarren izenek. Bertan diraute euren sustraiek. Walt Disneyek sortutako Donald ahate ospetsuaren maskotak, txakurrak, ere du Bolibar izena.
|