Ondarroa 1327an sortu zen hirubildu bezala, Berriatuako elizateko lurretan, “arrantzaleen eta marinelen” herri finkatu bat oinarri hartutik, Maria Diaz de Haro andreak (Bizkaiko Andrea) emandako forua betez.
Erdi Aroko hiribildua esparru harresitua zen eta ustezko bost sarrera-ate zituen: ate bat, Goikokaletik; beste bat, Kalehaunditik; beste ate bat, zubi zaharretik; laugarrena, Iparkaletik eta bosgarrena, hareatzatik.
Sute baten ondorioz, hiribilduko biztanleak urritu egin ziren, eta 1463an despopulatu zen. Hau zela eta, Koroak salbuespenak eman zizkion 1480ra arte. Denboraldi hartan, Kantauri Itsasoko balearen itsasbazterreko arrantza zen jarduera nagusia, bai eta ontziolak eta itsasoko merkataritza ere. Halaber, Lea-Artibaiko arroan burdinola ugari sortu zen, eta aurreko jarduerek bezala, XVI. mendean izan zuen goineneko aldia.
Geroago, 1794an, frantziar soldadu inbaditzaileek su eman zioten hiribilduari, eta suak hirigunea erraustu zuen.
Jatorrizko hiri-bilbean, triangelu-formakoan, hiribilduko kaleak (Erribere, Kale handi, eta Agirre´tar Txomin) Andra Mari elizan elkartzen ziren.
Hegoaldeko isurialdean tarteka jarrita zeuden, eta zuzenean portuarekin komunikatzen ziren eskaileradun beheranzko kalezulo batzuen bidez. Zorionez, egungo hiribilduko alde zaharrean oraindik diraute jatorrizko antolamenduko alderik gehienek.
Foiletoa
Word formatuan
Ikusi beharrekoak
LIKONA DORRETXEA
1794an frantziar armadak eragindako sutetik salbatu zen eraikin gutxienetako bat da Likona Doretxea.
Erdi aroko hiriko dorretxe sendo hau, kare-harrizko harlanduzkoa, Likonatarren leinu boteretsuarena izan zen. Likonatarrak jatorriz Mendexakoak ziren eta Gipuzkoako lurraldeetan botere handia izan zuten eta han kokatu ziren betiko.
San Inazio Loiolakoaren ama oinaztarren familia omentsu honetakoa zen.
ANDRA MARI ELIZA
Ondarroako Andra Mari eliza gotiko berantiar estilokoa da, eta 1480an eraiki omen zen. Arkuen gainean zabaltza-sistema berezia du eta altuera bereko hiru nabe ditu, bi isurkiko teilatu batez estalita daudenak.
Elizaren kanpoaldea apainduena da Bizkaiko elizen artean. Bere hormak lorez eta animaliez beteriko apaingarriaz daude apainduta; honen gainean motibo geometrikoak dituen gailurreria dago. Leihoak eta arrosa-leihoak trazeria gotikokoak dira; hona hemen, aipatzeko osagai batzuk: animalia-formako xurrutarriak, pinakuluen eskulturak, bai eta “kortxeleko mamuak” direlakoak (Berant Erdi Aroko gorte bateko 12 irudi, balkoi korritutik azaltzen direnak).
KORTXELEKO-MAMUAK
Hamabi irudi eder dira, flandestar-borgoinar estiloan landu direnak. Honatx ezkerretik eskuinera: erregea, xirulari bat, arrabitadun musikari bat, gizon erromes bat eta emakume erromes bat, bi baleztari, inude bat, erregina, monje bat, morroi bat eta zaldun bat. Sinesmen herrikoi baten arabera, haietako irudi batek, “Leokadi” delakoak, ondarrutarrak zaintzan ditu.
Pinakuluen gainean irudi batzuk daude, lehenago beste jarraigo batekoak izan litezkeenak.
ARRANTZALEEN KOFRADIA
Ondarroako arrantzale-kofradia XIV. mendean sortu omen zen. Bazkideei erlijio-laguntza ematea zuen helburu nagusi, bai eta beraien lan-harremanak indartzea eta arrantzatik sor litezkeen arazoak konpontzea ere. Hala eta guztiz ere, urteak joan ahala, arrantza normalizatzeea eta salmentak kontrolatzea zuen zeregin.
ANTIGUAKO AMAREN BASELIZA
Gaur egungo Antiguako Amaren baseliza, Ondarroako lehendabiziko parrokia, XV. mendearen bukaeran eraiki zen, honi buruz bildutako informazioaren arabera, askoz lehenagokoa bada ere.
Hiribulduaren gainaldean dago, kokaleku estrategiko batean, antzina gotortu zuten eta itsasargia ere izan zen.
Estilo gotiko originala du –estilo honetako kanpoaldeko estalkiaren zati batek besterik ez dirau-, eta mendeetan zehar hainbatetan birmoldatu egin da. Hau dela eta, estilo gotikoa, neoklasikoa eta barrokoa bateratzen ditu gaur egun. Estilo barrokoa 1759an Francisco de Iberok egindako berritzearen emaitza da.
Ondarroako arrantzaleek zein herritarrek jaieraz gurtu ohi dute Antiguako Ama Birjina. Gaur egun ez dago Amaren jatorrizko irudirik.
ZUBI ZAHARRA
Hiribilduko tokirik enblematikoenetakoa da. 1795ean harriz eraiki zuten, 1330etik zegoen zurezko zubi altxagarri zaharraren ordez.
Ibaian gora zihoazen itsasontziak eta zeharkatzen zuten abereen jabeek zerga bat ordaindu ohi zuten.
PIETATEAREN EDO AITA ETERNO BASELIZA
Zubi zaharraren ondoan dago, antzina hiribildutik Gipuzkoako herrietara joateko irteeran.
Garai bateko santutxo honen elizpeko arkupetik ibiltariak ibiltzen ziren, eta bidean atseden hartuz, babesa eskatzen zioten Jainkoari.
GOROZIKA AUZOA
Baserriz osaturiko auzune txikia, mendi-mazelan inguru bakarti batean dagoena. Bertoko etxebizitzak elkarrengandik gertu daude. Jatorriz Erdi Arokoa den nekazaritza-populaketa da, eraikin zaharrenak XV. mendekoak badira ere. Mende honetakoak dira, esaterako, Antzone eta Gozizko baserriak, bai eta San Joan baseliza ere. Bi baserri hauen atzeko etxaurretan badiraute oraindik ate zorrotzek.
Etxe multzo hau oso homogeneoa da, eraikinak behin baino gehiagotan berreraiki edo konpondu badira ere. Bizkua da beste adibide bat, XVIII. mendeko harlanduzko bi arkudun arkupe ederra baitu.
Lea Artibaiko Garapen Agentzia
Xemein Etorbidea, 12. 48270 Markina-Xemein